Parlamento en las Ondas, gizonen hizketaldia

2016ko irailaren 25eko Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeetatik aterako legebiltzarra EAEn orain arte izandako parekideena da  generoari dagokionez. Izan ere, dauden 75 biltzarkideetako 41 (%54,66) emakumeak dira.

Radio Euskadiko Crónica del Fin de Semana irratsaioko Parlamento en las Ondas tertulian parte hartzen dutenen gehiengoa, berriz, gizonak dira. 2017/18ko ikasturtearen hasierako irratsaioan Ander Arzak aurkezleak berak, emakumerik ez zegoela ikusita, azaldu zuen batzuetan emakumeak ere solaskide izaten zirela. Oso gutxitan esan behar dugu, hurrengo grafikoetan adierazten den bezala.

Izan ere, urrian, ez da emakumerik izan ez lehenengo saioan (7an) ezta azkenean ere (28an), eta besteetan Alexia Castelo egon zen PSE-tik (14ean) eta Laura Garrido popularra (21ean):

2016/17 ikasturtean, 2016ko urritik 2017ko uztailera bitartean izandako 37 saioetan, alderdi gehienek gizonen ordezkaritza lehenetsi dute emakumeena baino, Legebiltzarreko ordezkaritza kontuan hartu barik, honako grafikoetan ikus daitekeenez:

Portzentaietan begiratzen badiogu, hauxe izan da 2016/17 ikasturtean emakumeen ordezkaritza alderdiz alderdi bai Legebiltzarrean zein Parlamento en las Ondas delako larunbateroko tertulian:

 

Advertisements

EITBko tertuliakidea, gizona eta heldua

Tertuliek ordezkatu dituzte iritzi- eta debate-saioak. Tema batean edo bestean espezializaturiko adituen ordez, denetaz dakiten solaskideek eztabaidatzen dute gaurkotasunari buruz, agendan dauden eta ez dauden gaiak ezarriz. Noraino iritzi-emale horiek ordezkatzen dute gizartea?

EITBko tertulia nagusietan parte hartzen dutenen profilari erreparatuta, hiru multzotan banatu ahal ditugu: politikoak, kazetariak eta adituak, ia zati berdinetan. Adituen atalean, nagusiki unibertsitateko irakasleak topatzen ditugu, baina egon badaude, abokatuak, bertsolariak, idazleak…, hau da, “profesional liberalak” deiturikoak. Ez ditugu topatzen langileak, ikasleak, zaindariak…

Adinari dagokionez, 50 urtetik gorakoak gehiengo dira, eta gazteek oso pisu txikia dute. Horretaz gainera, ia anekdota dira solaskideen artean topatzen ditugun migrante edo atzerritarrak…. Hau da, ez da islatzen gizartearen aniztasuna eta ematen diren iritziak oso jendarte-sektore bati dagozkio, zeinak bere ikuspegia eta gaitegia inposatu nahi dituen, beste batzuk baztertuz.

Generoari erreparatzen badiogu, behin eta berriz agerian utzi dugunez, emakumeak gutxiengoan daude tertulia gehienetan. Orotara, irailean 152 solaskidek parte hartu dute izandako irrati eta telebistako zazpi tertulietan; horietako 52, hau da heren bat, emakumeak izan dira.

Iritzi-emale batzuek tertulia batean baino gehiagotan parte hartzen duela, irailaren datuak kontuan hartzen baditugu, hiru tertulietan parte hartzen dutenen artean 6 gizon topatzen ditugu Martxelo Otamendi, Iñaki Galdos, Andoni Unzalu, Eguzki Urteaga, Iñaki Anasagasti eta Iñaki Iriondo, eta emakume bakarra, Maite Ubiria, zeinaren iritziak entzun ditzakegu Faktoria, Ganbara eta Ahoz Aho-n.

Bi tertulietan errepikatzen direnak gehiago dira -hemeretzi-, horietako bost dira emakumeak: Laura Mintegi (Faktoria eta en Jake), Chelo Aparicio (Ganbara eta El Programa de Klaudio), Amaia Espinosa (Faktoria eta Ahoz Aho), Maite Iturrate (En Jake eta 7 Días) eta Itziar Nogueras (Ahoz Aho eta Ahoz Aho +).

Beraz, ikusten dugunez, gutxiago izateaz gainera, emakumeak ere gutxiagotan mugitzen dira programa batetik bestera (eta gutxiagotan errepikatzen dute parte-hartzea egun ezberdinetan) eta, ondorioz, emakumeen presentzia are txikiagoa da portzentaietan, aurreko artikuluetan azaldu dugunez:

EITBko irratietako testulietan, gizonak solaskide

Emakumeak baztertuta ETB2ko arratsaldeko tertulietan

2017ko irailean tertulia ezberdinetan parte hartu duten solaskideak:

Faktoria Javier Arrieta, Joseba Arruti, Mikel Aramendi, Nerea Azurmendi, Joxerra Beloki, Javier Diaz-Noci, Edurne Egaña, Jesus Egiguren, Amaia Espinosa, Hodei Etxarte, Ramón Etxezarreta, Iñaki Galdos, Julen Mendoza, Laura Mintegi, Martxelo Otamendi, Iker Rioja, Maite Ubiria, Andoni Unzalu, Eguzki Urteaga
Boulevard Iñaki Anasagasti, Juanjo Alvarez, Alberto Ayala, Jesus Barcos, J. M. Bujanda, Alvaro Dante, Carmen de Riego, Ernesto Ekaizer, Koro Garmendia, Braulio Gomez, Iñaki Gonzalez, Eva Granados, Iñaki Iriondo, Rafa Leonisio, Jon Maia, Miguel Navarro, Eduardo Otxoa, Lourdes Perez, Jorge Sainz, Eva Silvan, Iñaki Soto, Rafael Suso, Andoni Unzalu, Patxi Zabaleta
Ganbara Luis Aizpiolea, Danilo Albin, Chelo Aparicio, Alberto Ayala, Oscar Bañuelos, Olatz Barriuso, Jose Ramon Beloki, Ferran Casas, Ignacio Escolar, Urko Garamendi, Ana Garbati, Dani Gomez Amat, Iñaki Gonzalez, Aitor Guenaga, Xabier Gurrutxaga, Miren Ibañez, Iñaki Iriondo, Pili Kaltzada, Juan Carlos Latxaga, Martxelo Otamendi, Naiara Pinedo, Jordi Sainz, Joseba Santamaria, Iñaki Soto, Maite Ubiria.
En Jake Igor Ahedo, Paula Amieva, Iñaki Anasagasti, Eukene Arana, Amaia Arregi, Ricardo Crespo, Tonia Etxarri, Pedro Gorospe, Chema Herzog, Jorge Hinojal, Eider Hurtado, Jon Iñarritu, Maite Iturrate, Juantxo Iturria, Rosa Martínez, Laura Mintegi, Josu Montalbán, Juan Muñoz Baroja, Guillermo Nagore, Leire Pinedo, Eduardo Portero, Ibon Rodríguez, Alberto Surio, Andoni Unzalu, Diana Urrea.
Ahoz Aho Aritz Abaroa, Itsaso Andueza, Eider Alkorta, Marian Beitialarrangoitia, Joxerramon Bengoetxea, Ricardo Crespo, Asier Blas, Galder del Campo, Karlos del Olmo, Onintza Enbeita, Fermin Erbiti, Begoña Errazti, Amaia Espinosa, Iñaki Galdos, Nora Galparsoro, Itziar Garcia, Josune Gorospe, Miren Gorrotxategi, Maialen Gurrutxaga, Jon Insausti, Juantxo Iturria, Mikel Izagirre, J.K. Lakasta, Jexusmari Mujika, Itziar Nogueras, Ana Oregi, Maite Ubiria, Eguzki Urteaga.
Ahoz Aho + Felix Arrieta, Asier Blas, Galder del Campo, Iñaki Galdos, Estitxu Garai, Itziar Garcia, Imanol Goenaga, Amagoia Gurrutxaga, Itziar Nogeras, Martxelo Otamendi, Txente Rekondo, Teresa Toda, Eguzki Urteaga.
7 Días Isabel Camacho, Eva Domaica, Arantza Elizondo, Martin Garitano, Itziar Gorospe, Iñaki Iriondo, Maite Iturrate, Montse Ramirez

EITBko irratietako tertulietan, gizonak solaskide

Ikasturte hasierarekin batera, irrati-tertulietan aldaketa batzuk izan dira. Eta ezin ukatu, emakumeen ahots gehiago entzuten hasi gara, esaterako, Radio Euskadi-ren Boluevard irratsaioetako “Diálogos” tertulian. Aurreko denboraldian, bi emakume baino ez zeuden ohiko tertuliakideen artean: Lourdes Pérez eta Koro Garmendia. Orain, beste bi gehitu zaizkie, Eva Silván eta Carmen de Riego, eta beste baten ahotsa ere entzun dugu irailean, Eva Granados-ena. Hala ere, tertulia horretan parekidetasunetik oso urruti daude oraindik, eta irailean emakumeen batez besteko presentzia % 16,84 izan da. Gainera, egun askotan ez dago emakumerik izan eztabaida mahaian. Gizonik gabeko debaterik, ordea, ez dugu entzun.

Kate bereko gaueko tertulian, Ganbaran alegia, parte hartzen duten emakumeen portzentajea altuagoa da, eta honetan bai, aurkitu dugu emakumeek soilik osaturiko eztabaida-mahaia, irailaren 11koa. Horretaz gainera, irratsaio honetan emakume politikari ohien mahaia egiten da (salbuespen gisa, gizon politikariez beteriko tertuliak ohi baitira arruntenak). Batez beste, emakumeak tertuliakideen heren bat izaten dira, hau da, parekidetasuna lortu ezean daude tertulia parekideago honetan ere.

 

Euskarazko programazioari dagokionez, ia egunero emakume bat egon ohi da Faktoriako Solasaldietan, baina egon, badaude, emakumerik gabeko eztabaidak. Alderantziz, berriz, ez.

Azkenik, aipamena merezi du Radio Euskadi-ko asteburuetako programan, Crónica de Fin de Semana, larunbatero eskaintzen den Parlamento en las Ondas, zeinetan alderdi politikoek izendaturiko bozeremaleek parte hartzen duten tertulietan; horietan ere, izan ditugu emakumerik gabeko eztabaidak… Hori bai, partaideek, horren kontziente izan, eta “beste batzuetan emakumeak egon direla” justifikatu dute absentzia.

Emakumerik gabeko —edo oso andre gutxirekin— tertuliak, saio bereziak…, normaltzat hartzen dira, baita izaera publikoa duten hedabideetan ere, nahiz eta emakumeak populazioaren erdia garen. Badago zer hausnartu…

 

Emakumeak baztertuta ETB2ko arratsaldeetako tertulietan

Iraila izaten da une egokia hedabideen denboraldi berriaren nondik norakoak ezagutzeko. Izan ere,  ikasturtearen hasierarekin programazio-parrilak gaurkotzen dira, eta saio berriak estreinatzen diren bitartean, beste batzuk, aldiz, pantailetatik desagertzen dira. Gauza bera gertatzen dira saioetako kolaboratzaileekin. Berriak ekartzen dira, eta beste batzuk, berriz, badoaz.

ETBn denboraldi berriarekin tertuliakide berriak agertu dira; hala ere, aurreko denboraldiaren tonikari jarraituz, gizonak dira nagusi iritzi-emaleen artean. Nabarmena da gizonen presentzia Klaudio Landak zuzentzen duen El programa de Klaudioko debatean. Honetan, emakumeen presentzia ia anekdotikoa da bai eztabaida-mahaian, bai gonbidatuen artean. Guk, aurreko ikasturtean bezala, lehenengoan erreparatu gara, eta, tamalez, emakumeok nabarmen baztertzen gaituztela ikusi dugu, honako grafiko honetan agerian uzten dugun bezala:

Ia programa gehienetan, emakume bakarra dago mahaian, bost gizonerekin eztabaidan, eta soilik bi saiotan izan dute mahai parekidea.

7 Días, txanponaren beste aldea

Estibaliz Ruiz de Azua eta Arantza Ruizek astero gidatzen duten programa berrian, La Noche en Jake tokia okupatzen duena, 7 Diasen, topatzen dugu emakumeen presentzia altuena; izan ere, oso gutxitan ikusten dugun moduan, gehiengoa dira emakumeak debatean (% 80), nahiz eta oraindik aditu edo gonbidatuen artean gizonen presentzia nabarmen altuagoa da emakumeena baino.

Aztertzen ditugun gainerako telebista-programei dagokienez, atzerakada bat nabarmendu dugu egunero Xabier Lapitzek gidatzen duen en Jaken. Irailean, nabarmena izan da emakumeen presentziaren jaitsiera (partaideen%34,17), aurreko ikasturtearen amaieran parekidetasun nibeletan zebilen saio batean.

Euskarazko programazioari dagokionez, Amaia Cayerok zuzentzen duen Ahoz Ahoko debatean, berriz, parekidetasuna zaintzen jarraitzen dute ( % 47,62 dira), nahiz eta asteroko saioan emakumeak partaideen heren bat baino ez diren izan irailean.

Emakumeok ez gaude hedabideetako agendan

1963ean, Bernard C. Cohen-ek (The press and foreign policy) esan zuen: “Prentsak ez du arrakasta handia jendeari zer pentsatu behar duen esateko orduan, baina bai zertan pentsatu behar duen”.

Agenda Setting delakoaren teorikoek azaltzen dutenez, hedabideek, gai batzuk lehenesten eta beste batzuk baztertzen dituzte, errealitatea azaltzen dutenean. Eta errealitate horren eta publiko orokorraren arteko bitartekariak direnez, baldintzatzen dute irakurle edo (ikus)entzuleek jasotzen duten informazioa, gertaera batzuk erakutsiz eta beste batzuk, ordea, ezkutatuz.

Ildo horretan, aditu askok (besteak beste: Gotzon Total,1995; Pastora Moreno, 2002;  Consuelo Serrano, 2006 edo Paloma Abejón, 2013) tertulien garrantzia goraipatzen dute bitartekari lan hori egiteko orduan. Abejonen ustez, tertuliakideek eragin handia dute,  komunikabideen agenda ezartzeko orduan, hedabide ezberdinetan errepikatzen dira, hurbilak eta sinesgarriak izaten dira eta, azken finean, errealitatea jaso eta interpretatzeko iritzi-lider bihurtzen direlako.

2017ko martxoan Jaurlaritzak argitaraturiko Euskal Soziometroan, emakumeen aurkako indarkeria edo indakeria matxista 15. postuan zegoen EAEko biztanleen arazoen artean. Atzetik zeuden, familia eta lana bateratzea, ingurumena, azpiegiturak eta garraioak, gazteen arazoak, drogak eta balioen krisia…

Azken sei hilabete hauetan, ikerketa talde honetatik, oso argi uzten ari gara zein den emakumeen presentzia EAEko hedabide publikoetan zein Hegoaldeko prentsa nagusian, parekidetasunik oso urrun da. Baina, iritzi-emale moduan emakumeen presentzia urria bada, zer esan emakumeok jasaten dugun indarkeria matxistaren arazoarena eztabaida horien gaitegian.

Aste honetan aztertzen ari gara, ea zertan hitz egiten den tertulietan. Astelehenean, maiatzak 29, asteburuan espainiar Estatuan hiru hilketa matxista gertatu eta gero, frogatu dugu ez dutela lekurik izan EITBko tertulia nagusietan. Soilik, eguerdian ETB2n ematen duen En Jake saioan, tertuliakide batek, emakume eta feminista, aipatzen du.

Beste guztietan: Zorrotzako suteak eragindako heriotzen, EAren krisiaren eta euskal presoen inguruko albisteen ondoan, espainiar eresekiari egindako txistukada eta eurodiputatu baten twitterra, ustelkeria edo Catalunyako erreferendumaren azken atala izan dira hizpide (errefuxiatuak edo PSOEren egoera ere eztabaidagai izan dira, bigarren maila batean).

Albistearen larritasunak, hurbiltasunak edo interes orokorrak justifikatzen dute, adibidez, eresekiaren inguruan izandako polemika edo ustelkeriari emandako lehentasuna emakumeon indarkeriaren gainetik? Ez da izango —tamalez— errepikatzen den albistea izateagatik interesa galdu duela, ezta?

Emakumeok -populazioaren erdia— pairatzen dugun indarkeria ez da interes orokorreko ezta guztion intereseko albistetzat jotzen hedabideetan, eta ez dago haien agendetan.  Hilketa matxistak, indarkeria horren ondorio lazgarrienak, ekidin izan ez liratekeen tragediatzat azaltzen dira gertakarien ataletan (bereziki gure mugetatik kanpo gertatzen direnean), inork —hedabide hegemonikoetatik— horren inguruan gogoeta hedatu nahi barik. Izan ere, “esaten ez dena ez baita izaten”.

Oso ondo jaso du gaur Tasiok Garan duen tiran:

(Tasio, Gara egunkarian 2017-05-30)

 

 

 

 

Jaitsi da emakumeen presentzia EITBko irrati-tertulietan

Ikerketa talde honek emakumeek irrati-tertulietan duten presentzia neurtzen hasi denetik emakumeen portzentaje baxuena eman da EITBko irrati-tertulia nagusietan. Jaitsiera oso nabaria izan da Euskadi Irratiko Faktoria saioan; horretan, erdira murriztu da emakumeen presentzia apirilean zehar (%10,4). Dani Alvarezek zuzentzen duen Boulevard saioko “Diálogos” solasaldietan, aldiz, berriz ere topatzen dugu emakumeen presentzia txikiena (% 7,7). Beste aldetik, Radio Euskadi-k gauean eskaintzen duen Ganbara irratsaioko tertulian jaitsiera eman bada ere, oraindik tertuliakideen artean emakume kopuru handiena duen solasaldia dugu (%26,66); hori bai, parekidetasunetik oso urrun.

Tertuliakideei dagokionez, Radio Euskadiko Boulevard-ean bi emakume baino ez dira modu finkoan entzun daitezkeenak: Koro Garmendia eta Lourdes Perez. Euskadi Irratian, apirilean Laura Mintegi, Nerea Azurmendi eta Maite Ubiariaren iritziak entzun ahal izan ditugu; izan ere Ubiaria dugu beste tertulia batean errepikatzen duen bakarra -gizonen kasuan ohikoa da tertulia batean baino gehiagotan entzutea-, Ganbaran aditzeko aukera izan dugu, Naiara Pinedo, Miren Ibañez, Olatz Barriuso, Chelo Aparicio eta Ana Garbatirekin batera.

 

 

Gizonak nagusi frantses irrati-telebistetan

Frantziar Estatuko ikus-entzunezko irrati-hedapenaz arduratzen duen Conseil Supérieur de l’Audiovisuel, CSA, delakoak martxoaren 7an argitaraturiko txosten batean argi geratzen da gizonak gainordezkatuta daudela frantses irrati eta telebista kate nagusietan. Emakumeek eta gizonek ikus-entzunezko komunikabideetan duten presentziari buruzko txostenak 2016ko datuak jasotzen ditu eta agerian uzten du, besteak beste, emakumeen infraordezkaritza aditu eta gonbidatu politikoen artean,  irudian ikus daitekeenez (iturria: CSA)

Txosten osoa

 

 

Emakumeen iritziak, leku txikia EITBko tertulia nagusietan

Azken urteotan Euskadi Irratiko zein Radio Euskadiko gaurkotasuneko tertuliak aztergai izan ditugu unibertsitatean. Azaroan, aldiz, hasi ginen egunero neurtzen zenbat emakume eta zenbat gizonek parte hartzen dute horietan.

Ikerketa honetan kontuan hartu ditugun tertuliak goizeko 8:30ak inguru eskaintzen diren Faktoria eta Boulevard-eko Diálogos delakoa, eta gaueko 10:15ak inguru eskaintzen den Ganbara saioaren barrukoa. Bertan markatzen dira “eguneko gai garrantzitsuenak”, eta zertaz merezi duen iritzi ematea edo eztabaidatzea (eta, beraz, zer ez da garrantzitsua edo eztabaidatzeko gaia…).

Hori dela eta, oso faktore garrantzitsutzat jotzen dugu emakumeen presentzia. Jendartearen % 50 edo pixkat gehiago izanda, batzuetan, agendan sartzen diren gaiak ez dira emakumeen ardura nagusiak edo oso ikuspegi androzentrikoa aztertzen dira, eta, beraz, populazioaren erdia baztertzen da. Ez da, berriz, bakarra, eta horregatik edukiak ere aztertzen ari gara. Dena den, esanguratsua dela kontuan hartuta, hemen adierazle batzuk argitara atera nahi ditugu, 2017ko otsailari dagozkionak:

a) EITBko irrati-tertulietan, emakumeen presentzia ia egunero gizonena baino txikiagoa da. Soilik, egun batean Faktorian eta bi Ganbaran, izan dira emakume gehiago gizonak baino eztabaida-mahaian. Maiz ez da emakumerik izaten tertulian. Hala ere, ezberdintasunak daude tertulien artean, eta Xabier García Ramsdenek zuzentzen duen Ganbaran % 25ean ez dago emakumerik; Boulevard-en, aldiz, portzentaia ia alderantzizkoa da eta irratsaio gehienetan gizonek baino ez dute iritzirik ematen.

b) Tertuliakide finkoen artean, nagusi da gizonen presentzia. Izan ere, Faktorian otsailean parte hartu dutenen % 25 ziren emakumeak, hau da 16 tertuliakidetik 4. Kontuan hartu behar da, azken “fitxaje” bat izan dutela: Edurne Egaña. Boulevard-ean, berriz, bi emakume baino ez daude tertuliakide finkoen artean: Koro Garmendia eta Lourdes Perez (19tik). Ganbaran, zaharrena, 6 emakumek parte hartu dute (% 27) otsailean eta 16 gizonek. Hurrengo taulan azaltzen dugu zenbat programatan parte hartu duten bakoitzak (aurrerago eskainiko ditugu datuak emakumeek eta gizonek erabiltzen dituzten denboren inguruan).

c) Tertulia batetik bestera errepikatzen direnen artean, emakume bakarra dugu, Maite Ubiria, Faktorian eta Ganbaran entzun ahal izan duguna otsailean. Martxelo Otamendik, aldiz, Faktorian eta Ganbaran parte hartu du; Eguzki Urteagak, Faktorian eta Boulevardean eta Iñaki Soto zein Iñaki Gonzalezek, Boulevard eta Ganbarako eztabaidetan.

d) Azken lau hilabetetako eboluzioari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu ez dela asko aurreratu emakuimeen presentziaren inguruan, beheko grafikoan ikus daitekeenez:

 

Maratona Mundiala, Martxoaren 8an

Martxoaren 7an, Argentinan, Ikusgaitasun lesbikoaren eguna ospatzen dela, eta hurrengo egunean Emakume Langileen Nazioarteko Eguna dela eta. Martxoaren 8an, Red Nosotras en el Mundo sareak irrati-maratoi feminista antolatu du nazioarte mailan. Goizeko 10etatik, Argentina, Txile eta Uruguayn; 8etatik Kanada, Ekuador eta Kolonbian; 7etan, Mexiko eta Nikaraguatik eta arratsaldeko 2etatik Espainiar estatuan zein Suizan, irrati-emanaldi bateratua egingo da.

Parte hartzeko irratsaioa, iragarkia, erreportaje, musika… edo nahi den irrati-pieza bidali ahal da podcast moduan.

Informazio gehiago eta nola parte hartu jakin nahi baduzue: http://www.rednosotrasenelmundo.org/Convocatoria-Internacional

arton4642-e1104

O no sera…,

O no será

Feminista izango da ala ez da izango… Hala Bediko irratsaio feminista dugu O no será.

Beraiek diotenez, feminismoen inguruko saioa da, eta gaiak: bazterrak, gorputza, sexualitateak, intersekzioak, plazerrak, identitateak, gatazkak, transgresioak, subjektibitasunak, sareak, aniztasuna, ahizpatasuna, (des)eraikuntza…

Astelehenetan, gaueko 10etatik 11etara, entzungai dugu 107,4 MHz.tan, eta nahi dugunean: http://halabedi.eus/programazioa/sozialak/onosera/

Musika eta ahots atseginak, dokumentazio-lan handia eta, bereziki, interes handiko gaiak topatzen ditugu irratsaio honetan, denak feminismotik ikusita. Gainera, Euskal Herrian hainbat lekutan emakumek egindako jardunak ezagutzeko aukera ematen digute, hau da, beste hedabideetan agertzen ez diren (ezkutatzen diren) hainbat ekintza, proiektuak, lanak, pertsonak…

Beste hedabideetan ikusgai (entzungai) ez bagaude, gure bozgorailuak eraiki behar ditugu, zeinetatik gure ahots propioaz hitz egin…

Horrelako bat, O no será dugu.

 

 

 

 

Irrati publikoetan, tertuliak gizonen feudo

Berriz ere, urtarrilean, EITBko kate generalistetan dauden tertulia nagusietan, gizonek ematen dute iritzia nagusiki.

Goizero Daniel Alvarez-ek zuzentzen duen Boulevard saioan, soilik bi emakumek eman ohi dute iritzia: Lourdes Perez eta Koro Garmendiak. Eta oso gutxitan izan da. Gehiago izan dira urtarrilan ahots femeninorik entzun ez diren tertuliak. Izan ere, emakumeen presentzia, orotara, %11,9a izan da. Aipatu behar da, urtarrilaren 2an, parekidetsuna lortu zela emakume eta gizon bat izan zirelako.

captura-de-pantalla-2017-02-14-a-las-16-31-10

Goizean ere, Faktorian (Euskadi Irratia), emakumeen presentzia altuagoa da (% 21,82), hala ere berriro parekidetasunetik urrun. Ia egunero emakumeren bat gonbidatzen dute

captura-de-pantalla-2017-02-14-a-las-16-31-00

Gauean, Radio Euskadiko Ganbaran dugu, berriz ere, emakumeen presentzia altuena (batez beste, ia % 26, azterturiko saioetan).

captura-de-pantalla-2017-02-14-a-las-16-31-21

Azkenengo 3 hilabeteetan izandako eboluzioari erreparatzen badiogu, ikusten dugu ez dela emakumeen presentzia handitu hiru tertulietan, eta antzeko parametrotan mantentzen dela.

captura-de-pantalla-2017-02-15-a-las-12-19-53

Emakumeen iritzientzako leku gutxi Hego Euskal Herriko prentsan

Urtarrilean zehar argitaratu diren iritzi-artikuluak nork sinatzen dituen miatu dugu; genero ikuspegitik irakurketa bat egin ere. Hau da, zenbatu dugu zenbat emakumek eta zenbat gizonek sinatzen dituzten egunero egunkari nagusietako iritzi-orrialdeetan agertzen diren artikuluak baita analisi politikoaren ingurukoak ere (hauek, normalean, tokiko, estatuko eta nazioarteko orrialdeetan agertzen dira).

Jakin badakigu, hau adierazle bat baino ez dela, baina gure ustez, nahiko adierazgarria. Izan ere, iritzi-emale horiek pil-pilean dauden gaiez hitz egin ohi dute, interes orokorrenak direnak…, baina nork ezartzen du zein tema agendan sartu ala ez? Zergatik ez dira askotan populazioaren erdiari dagozkion gaiak agertzen, emakumeok gure agendan ditugun horiek, alegia? Zergatik diote terrorismo jihadistak kezkatzen gaituela, eta ez askoz pertsona gehiago hiltzen dituen terrorismo matxista ez da agertzen soziometroetan?

Ez dugu baieztatzen iritzia nork egiten duen eta iritzi-publikoan nagusi diren gaien inguruan harreman zuzena dagoenik (ezin probatu, hipotesi horrekin gure ikerketa abiatu dugun arren), baina neurtu nahi ditugu nork, zertaz eta nortaz hitz egiten duen gure hedabideetan, eta, zehazki, emakumeok dugun tokia, nola agertzen garen… ikusgai jarri nahi dugu.

Horregatik, adierazle bat (ez bakarra, eta beharbada ez garrantzitsunea) baino ez dela jakinda, hemen azaltzen ditugu urtarrilari dagozkion datuak. Datu hauek guztiak erabilgarri dituzue, eta horretarako eskatzen dugun gauza bakarra iturria aipatzea da. Era berean, ongi etorriak dira gure hedabideetan agertzen diren eduki sexisten aurkako salaketak, feminismotik egindako ekarpenak, emakumak ikusgai egiten gaituzten ekimenak…

Urtarrileko txosten honetan aztertu ditugun egunkariak honako hauek dira: Berria, Deia, Diario de Navarra, Diario de Noticias, El Correo, Gara eta Noticias de Alava.

Berria dugu egunkari parekideena

Azaroan emakumeen presentzia aztertzen hasi ginela, Berrian dugu emakumeen presentzia altuena iritzi-orrialdeetan zein analisietan. Batez beste, agertutako iritzi-artikuluen % 36,07 emakume batek sinatuak dira. Ez dago egun bakar batean emakumeren sinadurarik gabe. Hala ere, oraindik ezin dugu parekidetasunez hitz egin.

captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-00-54

Gara-n, abenduan baino emakume gutxiago

Gara-n, emakumeen presentzia iritzietan %27,72-koa izan da, abenduan baino 4 puntu gutxiago, eta azaroan izandako portzentaietan (%28,58). Bost egunetan, ez dugu emakume baten analisia topatu iritzi-orrialdeetan.

captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-08-00

Noticias taldean, emakumeak ez dira % 20ra iritsi

Deian, iritzi artikulurik sinatu duten emakumeen portzentaia % 14,7  izan da urtarrilean, azaro eta abenduan baino 2 puntu gutxiago; Nafarroan eta Araban argitaratzen diren goiburuetan, berriz, portzentaiak pixkat altuagoak dira: % 19,45 Noticias de Alava-n eta %18,87 Diario de Noticias-en. Guztietan, zenbait aletan ez dugu emakumeren sinadurarik iritzien artean; eta gutxiago dira parekidetasunez hitz egin dezakegun egunak.

captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-12-17 captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-11-43 captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-11-24

Vocento-koetan, sinaduren bosten bat emakumeenak dira

Diario Vasco-n urtarrilean argitaraturiko iritzi-artikuluen artean, % 22, 85-ek emakume baten sinadura du; El Correon, aldiz, % 22,16-k.

captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-21-15 captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-21-04

Diario de Navarra, parekidetasunatik urrutien

Egun bakar batean ere ez da parekidetasunik lortu Diario de Navarra egunkarian. Ohiko sinaduren artean emakumeak badaude ere, horiek ia ez dira agertzen paperezko kazetan. Batez beste, urtarrilean emakumeen sinadurak iritzi-artikulu guztien % 7,10 baino ez da izan, eta grafikoan ikus daitekeenea, soilik 12 egunetan topatu dugu emakume iritzi-emalerik.

captura-de-pantalla-2017-02-08-a-las-12-29-49

Hego Euskal Herrian argitaratzen den prentsa-goiburu nagusiak hartzen baditugu, urtarrielan, emakumeen batez besteko presentzia iritzi-artikuluetan % 21,11 izan da. Emakumeen presentzia % 10 baino baino txikiagoa izan zen bi egunetan: 7an —Diario de Navarra, Diario de Noticias, El Correo, D.V. eta Noticias de Alava-n bat ez— eta 22an —Deia, Diario de Navarra, D.V. eta Gara-n emakumerik ez—; eta egun “parekideena” urtarrilaren 24 izan zen (% 34,15). Hala ere, egun batean ere ez da berdintasunik izan emakumeen eta gizonen iritzi-kopuruen artean.

captura-de-pantalla-2017-02-07-a-las-22-37-29